XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Albertek ez zekien zer esan.

Han jarraitzen zuen, zutik, sor eta lor, eta Sofiak esandakoa neurri baten egia zela ohartu zen.

- Hortxe dituzu haurrak!- erantzun zion azkenean -.

Bakar-bakarrik behintzat ez zaude.

Baina ez zion hori esan behar, horrexegatik erantzun baitzion Sofiak egin zuen bezala: - Haurrak!- esan zuen amorruz -. Baina nolako laguntza ematen dutela uste duzu zuk? Kezka besterik ez dute ematen eta...

Esan zuena ez zuen benetan sentitzen ama batek ezin zezakeen senti eta berehalaxe damutu zen bere hitz haietaz.

Hain zoriontsu zen eta hain harro zegoen bere seme-alabez... Hura bota baldin bazuen, une hartan buruan gogoeta beltzak zebiltzalako izan zen bakar-bakarrik.

Albertek betoskoa jarri zuen, etsita.

Ez batak ez besteak esan zuen gehiago tutik.

Baina Sofiak gogor botatzen zion errua bere buruari.

Ez zuen inoiz esan zuena ahaztu, eta geroago gertatu zen zera hura, bere ahotik irten zitzaizkion hitz beldurgarri haiengatiko zigorra izan zela sartu zitzaion buruan.